XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ilargi izpia are distiratsuagoa egin zen eta Sophiek ohetik jaiki eta gortinak ixtea erabaki zuen.

Argiak itzalita ohetik kanpora aurkituz gero, zigortu egiten zituzten neskak.

Lababora joan behar bazuten ere, ez zuten ontzat hartzen aitzakia hori.

Baina orain ez zuen inork ikusiko. Ziur zegoen horretaz.

Ohe ondoan zegoen aulkiraino luzatu zuen eskua, han utziak zituen betaurrekoak hartzeko.

Betaurreko metalikoak ziren haiek, kristal lodi-lodikoak.

Sophiek ez zuen ezer ikusten haiek jarri gabe.

Jarri zituen, bada, betaurrekoak, jaiki zen ohetik, eta oin-puntten gainean leihora hurbildu zen.

Gortinen parera iritsi zenean, zalantzan egon zen, makurtu eta haien azpitik atera nahi bait zuen bere burua, ordu magiko hartan mundua zer-nolakoa zen ikusi ahal izateko.

Adi-adi egon zen, zer entzun, baina inguru guzti hartan isiltasun osoa zen nagusi.

Mundua ikusteko zuen irrika hain handia egin zitzaion ezin izan zuela atzera egin eta burua gortinen azpitik makurtuta leihotik begira jarri zen.

Ilargiaren zilarrezko argipean, guztiz bestelakoa zen berak hain ongi ezagutzen zuen herriko kale hura.

Etxeek oker-makurrak ziruditen.

Inguru-minguru hark zurbil itxura zuen, espektrala, esnetsua.

Aurrez-aurre Rance andrearen denda ikusi zuen, non botoiak, artilea eta gomazko xingolak saltzen zituen: baina dendak ere ez zirudien une hartan egiazkoa zenik, hura ere giro misteriotsu hark inguratuta bait zegoen.

Sophiek urrutirago begiratu zuen, kalean behera, behera eta behera.